XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...): bizimodu-maila, birsorkuntzaren kontrola, osasungarritasun-neurriak, etab.

Orain arte egin den medikuntza, senda-medikuntza izan da gehienbatean; hau da, geure esfortzu eta ahalegin guztiak eritasunak diagnostikatzen eta sendatzen egin ditugu, eta ezer gutti egin dugu eritasunaren aurrikuspenari eta osasun-hezierari dagokienez.

Senda-medikuntza beharrezkoa da dudarik gabe, baina garestia eta neurri batetan behintzat zentzurik gabea: hobe bait da, ahal den neurrian bederen, ez eritzen irakastea, eritu ondoren sendatzen denbora pasatzea baino.

Osasun publikoa: medikuntza oso edo erabatekoa

Orain arte egin dugun medikuntza, edo senda-medikuntza, indibidualista izan da: hau da, pertsonari indibidualki zuzendua, eta ez komunitateari; baina gaur egun osasun publikoaren kontzeptua geroz eta indartsuago agertzen zaigu.

Osasun publikoa, ba, honela defini daiteke: prebentziozko nahiz sendatzezko neurriak hartuz, edo batzuk eta besteak batera, komunitatearen osasuna zaintzen saiatzen den jakituria eta praktika.

Definizio honetan bi puntu daude kontsideratu eta argitu beharrekoak: 1- Osasun publikoak ez du eritasuna problema indibidual bezala kontsideratzen, populazio masa handi bat afektatzen duen fenomeno bezala baizik.

Honegatik, kolektiboki aplikatzen ditu bere jakituria eta praktikak.

2- Osasun publikoak ez du prebentziozko ekintzekin bakarrik betetzen bere egitekoa, baizik eta, medikuntzaz kontzeptu oso edo erabatekoa duenez, barnean hartzen ditu sendatzera eta erreabilitatzera zuzentzen diren ekintzak ere.

Lehen puntuan ikusten dugunez, ba, osasun publikoa eta medikuntzaren ikusmolde indibidualista elkarren etsai dira, nahiz eta biak egon osasunarekin interesatuak.

Osasuna preserbatzeko orduan, nahiz osasun publikoak nahiz medikuntza indibidualistak planteamendu berak egiten dituzte, hau da, diagnostiko, tratamendu eta pronostiko bat ezartzea.